XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) zer arraio jazo ote duk, arrentxero alu hau beldurtu egingo zuan!.

Oraindino jendea ikuskizunera dakarren zalgurdiei madarikazioka sartu da Artekaleko bebarru baten Azkarateren morroia balitz legez.

Soinurik egiteke itxi da atea gazte bien atzetik.

Argi zirrinta bat sartzen da atepetik.

- Ez zagok ez pistolarik eta ez ezer! Azkarate izerditan dago.

- Zer diok! Atzo...

- Inor ez duk etorriko Eibartik! Traizioa egin zigutek...!

Herrenak birao egin du, eta ahoa garbitzeko tu lodi bat jaurti du harri biribilez eginiko zoruko lorearen kontra.

Hortz artean mintzo da Azkarate.

- Hi, pentsatu diat... Zurgindegia erre behar zioagu Errastiri!

- Errastiri zurgindegia erre? Horrek ez dik italiarra salbatuko!

- Berak jaso dik urkamendia, paga dezala!

- Ez, hori ez....

- Zer egin zezakeagu besterik? Zer edo zer egin behar diagu, ezin diagu horrela gelditu, gure herrian berton, geure begi bistan...

Gainetik egin dio Cienfuegosek, ez dio jarraitzen laga, gogorrerako gertu zeukan laguna negarrez hasiko delako, jarraitzekotan.

- Ez, gaur ez. Sinbolo bat besterik ez lukek izango.

Gainera, ikusi egin gaitiztek alde egiten.

Gaur ez, baina etorriko duk eguna.

Gu hemen gelditzen gaituk, uharte honetan, aditzen?